fbpx

 


Herrikoa, bere akziodunen elkartasun aurrezkiari esker bizi da. Horien arteko gehiengoa presunak dira baina Akitaniako Kontseilua, Euskal Hirigune Elkargoa, Baionako Merkatal Industri Ganbara, Frantziako Inbertsio Banku Publikoa eta zonbait bankuek parte hartzen dute, bai eta ere enpresa eta elkarte ainitzek.


 

Iturburu eta izaera ezberdina duten aurrezleen arteko elkarlana da gure sozietatearen aberastasun handiena..

Gure akziodunen lekukotasuna

Maryse Cachenaut

Maryse Cachenaut Ipar Euskal Herriko laborantza iraunkorraren figura enblematiko bat da. 1995ean familiako baserriaren segida hartu zuen. Bere senarrarekin esne-ardiak hazten eta Itsasuko gereziak ekoizten ditu.

Maryse Cachenaut EHLG-aren sortzaileetako bat da eta Lurramaren hasieran parte hartu zuen. Beraz, elkartasuna eta Ipar Euskal Herrian enpleguak zaintzea aipatzen dizkiogularik, bistan da badakiela zertaz ari giren.

« Herrikoan parte hartzen hasi nintzen 90. hamarkadan, ene gurasoen ildotik segituz, enpleguen sortzean parte hartzea funtsezkoa baitzen eta Herrikoak goraipatzen dituen baloreekin ados naizelako, hots elkartasuna eta bere buruaren jabe izaitearen nahia.

Berantago, Lurzaindiaren sortzaileetako bat izan zen. Honek, Herrikoa bezala, herri aurrezkia mobilizatzea du xede, lurrak kolektiboki erosiz gure lurraldeko laborantza herrikoiaren garapena sustatzeko.

« Lurzaindiari esker, Herrikoarekin nuen lotura azkartu da, enplegu partekatu bat dugulako amankomunean. Honek berriz ere erakusten du Ipar Euskal Herrian  elkartasuna indar bat dela.»

Marysek Herrikoa crowdfundinaren aitzindari izan zela dio. “80. hamarkadaren hasieratik, Herrikoak  biztanle gehiengo bat konbentzitu zuen bere aurrezkiaren zati bat enpleguak sortuko zituzten lekuko proiektu batzuetan inbestitzeko. Ez zen aise, kontzeptu hori garai hartan biziki berritzailea zelako. Eta lurralde hau garatzeko Herrikoaren arrakastak baikortasun hatsa ekarri zuen.” Marysek eta guk ere baikortasun berarekin segitzen dugu.

Patrice Lagisquet

Patrick Lagisquet Baionako, Biarritzeko eta nazioarteko (46 selekzio Frantziako taldearekin) errugbi jokalaria, ondotik Biarritz Olympique eta Frantziako taldeko entrenatzaile izan dena, ezagutzen dugu. Aldiz enpresaburua gutiago ezagutzen dugu.

« Nire aseguru bulegoa 1986an sortu nuen oraindik jokalari profesionala nintzelarik. » Gaur egun, bere aseguru eta artekaritza sozietateek 12 pertsona enplegatzen dituzte, bera bazkide delarik. « Oso ezaguna den nazioarte mailako aseguru sare baten parte gira, baina goi mailako kirolariei zuzendutako segmentu bereziak garatu ditugu. »

Patrice Lagisquet-ek SOKOA enpresan hitzordu bat izan zuen egun batez ezagutu zuen Herrikoa. « 80ko hamarkadan ginen. Garai hartan, enpresak sortzeko finantzamendu partehartzaile tresna guti edo batere ez zen. Lankidetza eredu horrek zuen berezitasuna eta Ipar Euskal Herrian enpleguak nola sortzen zituen gustatu zitzaidan. Enpresaburu baita lurralde honen biztanle gisa, Herrikoaren kapitalean oso naturalki parte hartu dut.” Ez da azken aldia izan… “nire aktibitatearen baitan, Herrikoak sustengatzen dituen proiektuak ainitzetan asuratzen ditugu. Biziki harro gira ikustea gero eta proiektu gehiago direla.” Beraz, Patrick Lagisquet-ek berriz ere Herrikoaren kapitalean parte hartu du. “Bistan da harpidetza berri honetan parte hartuko dudala eta espero dut beste batzuk ere izanen direla.” Guk ere espero dugu.

Mikel-Iban ORUEZABALA

"Herrikoa, jadanik akziodun zen ezagun batek aipatu dit.

Duela zonbait urte, atzerrira joan nintzen lan bila. Orduan egindako esperientzieri esker « herrira » itzuli ahal izan nintzen, hemen bizi eta lan egiteko. Orroitzen naiz hastapenak zailak izan zirela eta presuna batzuen laguntza ezinbestekoa izan nuela. Sustengu hori nihaurek eman nahi dut orain eta horretarako sartu naiz Herrikoa-n.

Bestalde, enpresa bat sortu nahi nuke baina gaur egun langile naizenez, Herrikoa-ri esker euskal herriko enpresaburuak laguntzen ditudala jakitea atsegina zait."

Dominique Rey

"Herrikoa, ene lanbideari esker ezagutu dut, tokiko enpresa ttiki eta ertainak laguntzeko elgarrekin landu ditugun txosteneri esker.

Akziodun izaitea erabaki nuen, nahiz eta parte hartze apal bat baizik ez ukan, sortzaileak ekimen eder horretaz eskertzeko. Izan ere, Herrikoa-k ekartzen duen diru sustengua izaiteazgain gizakoia da eta tokiko ekonomia garatzen duen tresna pollit hortan parte hartu nahi nuen.

Gaur egungo testuinguru ekonomiko korapilatsuan, enpresaburueri ainitz galdegina zaie. Segur naiz Herrikoa-k haien arteko zonbait beren egitasmoa sortzen edo beren enpresa egoera zaila batetik ateratzen lagunduko dituela, Euskal Herrian iharduera bat eta lanpostuak atxikitzeko eta garatzeko gisan."

Vincent Beloqui

"33 urte ditut, Mérignac-en bizi naiz eta Euskal Herriko kostaldekoa naiz.

Herrikoa-ren akziodun bilakatzea erabaki nuen ene aurrezkiari zentzu baten emaiteko. Bihotzean atxikitzen dudan lurralde baten aktibitate ekonomikoa sustengatzen dut, ene aurrezkia nun ezarri herritar baten gisara erabaki baitut.

Herrikoa-ren famak, seriostasunak eta handinahikeriak, bakoitzak gure heinean gure eskualdeko ekonomiaren eta gizartearen bizitasunaren parte izaiten ahal girela erakusten digute."